Abiadura nahiz alkohol gehiegirekin gidatzeak kartzela-zigorra izango du
Fecha: 2007-10-05
(iturria: www.eitb24.com)
Faltak delitu bihurtuko dira autobidean 200 km/h-ko abiadura gaindituz gero, errepidean 180 eta hiri-bidean 110. Gauza bera gertatuko da odolean 1,2 gramo alkoholeko tasa emanez gero.
Bide Segurtasunaren arloan Zigor Kodea erreformatzea onartu du gaur Diputatuen Kongresuak. Hala, etorkizunean, arduragabekeria larriz gidatzea kartzela-zigorrarekin ordainduko da.
Urtea bukatu aurretik Senatura igorriko duten testuak, taldeen babes zabala jaso du. PP izan da erreforma honen kontra bozkatu duen alderdi bakarra. IU-ICV eta EAJ, berriz, abstenitu egin dira.
Proposamenaren arabera, falta izatetik delitu izatera igaroko dira abiadura gehiegizko kasu batzuk: autobidean 200 km/h-ra baino gehiago joatea, errepidean 180 eta hiri-bidean 110. Gainera, gidariak odol analisietan 1,2 gramo alkohol baino gehiago ematen badu, kartzela-zigorra izango du, baita ere.
PPk erreformaren kontra bozkatu du
PPk Zigor Kodearen erreformaren kontra bozkatu du gaur. Hain zuzen ere, odolean 1,2 gramo alkoholeko tasa izatea gehiegikeria iruditu zaio alderdi popularrari, baita, Gobernuak ezarritako abiadura mugak ere. Ildo horretan, Estatuko errepideetan seinaleak eguneratu eta bidearen egoerara egokitu behar direla esan dute.
Kasuak
Abiadura gehiegirekin edo edanda gidatzeaz gain bestelako jarrera batzuk ere gogorrago zigortuko dira erreforma onartu eta gero. Gida-baimeneko puntu guztiak galduta gidatzeagatik hirutik sei hilabete arteko kartzela-zigorra ezarri eta gida-baimena urtebete eta 6 urte artean kenduko zaio gidariari.
Gainera, sei hilabete eta bi urteko kartzela-zigorra izango du "auskarkeria nabarmenez" beste pertsonen bizitza arriskuan jartzen duenak eta kartzela-zigorra bi urtetik bost urtera bitartekoa izango da gidariak "besteen bizitzarekiko gutxiespenez" jokatzen badu.
Era berean, tipo penal berri bat sortu da inoiz gida-baimenik izan gabe gidatzen duten pertsonentzat. Kasu horietan, puntu guztiak galtzeagatik baimenik gabe daudenen zigor bera aplikatuko zaie.
Bestalde, Legeak Trafikoko Lurralde buruen esku utziko ditu zigorrak jartzeko eskumenak, baita sortu berri den Zigorren Zentro automatizatuaren esku ere, zigor guztiak era homogeneoan, eta azkarrago, gestionatzeko helburuz.