ICAGI

Etorkin irregularrak artatzeko eredu berria

Fecha: 2010-07-14

(iturria: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila)

Doako laguntza-telefono bat egongo da (900 84 01 26), erabiltzaileek eta profesionalek trantsizio-aldian lehen eskuko informazioa izan dezaten

“Etorkin irregularrei laguntza juridikoa emateko programa ez da desagertuko; eraldatu egingo da. Zerbitzuaren kudeaketa egiteko eta erabiltzaileei laguntza emateko eredua aldatuko da, zerbitzua modu integralagoan emateko. Ez dugu Heldu itxiko, programa beste era batera garatu baino ez dugu egingo". Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak ziurtasun horrekin hitz egin du etorkin irregularrei laguntzeko Helduren eredu berria aurkezterakoan.

Aldaketa hori egiterakoan garrantzi handia izan du laguntze-ereduaren inguruko gogoetak eta etorkinen integrazioaren arloan Eusko Jaurlaritzak lehenetsi behar duen lan-motak. Heldu zerbitzua, eratuta zegoen moduan, ezin zen Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman kokatu; izan ere, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak ez baitu bere katalogoaren barruan hartzen. Hortik abiatuz, Sailaren iritziz, administrazio-egoera irregularrean dauden etorkinek behar dituzten laguntzen arloa berrantolatu behar da, eta ez da berariazko zerbitzu bat eduki behar; aitzitik, gizarte-zerbitzuek eta enplegu-zerbitzuek artatu behar dituzte pertsona guztiak, egoera desberdinetan egon arren, eta inolako diskriminaziorik gabe.

Zerbitzuak normalizatzeko eta guztiei irekitzeko testuinguru horretan, aurrerantzean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua izango da lan-baimenen inguruko kudeaketa guztiak egiteko ardura izango duena, etorkinen laneratzea erraztea helburu. Horrez gain, sailak lehen mailako arreta emateko zerbitzuak sendotuko ditu, pertsonei ematen zaien gizarte-laguntzaren bidean sakontzeko. Herritar guztiei irekitako beste zerbitzu arautuetako batzuk Justizia Sailaren orientazio juridikokoak izango dira. Zerbitzu horietan ere atzerritarren administrazio-egoeraren inguruko kasuetarako laguntza emango da.

Bestalde, Immigrazio Zuzendaritzaren mendeko BILTZEN zerbitzuak (Kulturen arteko bizikidetzaren integrazio-zerbitzua) aholkularitza, prestakuntza eta aholkularitza emango die zerbitzu publikoetako erabiltzaileei laguntzen dieten profesionalei. Udalekin lankidetzan, prestakuntza eta aholkularitzarako guneak eta materialak eskainiko dira, eta laguntza-telefono bat izango da, profesionalek pertsona guztiei orientazioa eman ahal diezaieten.

Hirugarrenik, arlo publikoaren eta Jaurlaritzak sustatutako gizarte-ekimenaren arteko koordinazioa eta osagarritasuna bilatzen da. Hirugarren sektoreko entitate askok ematen diete laguntza integrala egoera irregularrean dauden etorkinei, aholkularitza juridikoa barne, eta horietako askok Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzen dute, jada, horretarako. “Geure borondatea da laguntza finantzario eta tekniko handiagoa ematea lan horretan ari diren eta sakondu nahi duten entitateen sareari", ziurtatu du Zabaletak.

Administrazio-arrazoiak

Bestalde, sailburuak administrazio-arrazoiak aipatu zituen orain zerbitzua eskaintzen duen enpresaren kontratua, Estudios y Proyectos Jurídicos SL, uztailaren 15ean amaituko dena, ez berritzeko. “Guztiz desegokia eta Jaurlaritzaren kontratazio-irizpideen aurkakoa izango zen kontratua berritzea; izan ere, zerbitzuaren esleipena zuen enpresak ez baitzituen betetzen Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoen arabera kontratatzerakoen ezinbestekoak ziren baldintzak".

Azterketa juridikoan pisuzko hiru arrazoi aurkitu dira administrazio-kontratua ez berritzeko: Lehenengo, sozietate mugatua zen, “eta ez zuen betetzen, administrazio-kontratazio bati dagokion moduan, kontratatutako zerbitzuari zegozkionak baino jarduera gehiago garatzeko irizpidea, hau da, ad hoc sortutako enpresa zen"; bigarrenik, "zegokion eran zerbitzua emateko prozesuaren zuzendaritza bere gain hartzen ez zuen enpresa esleipenduna da; eta, azkenik, "esleipendunek berezko kudeaketa-baliabideak izateko betebeharra ere ez du betetzen: zerbitzua Jaurlaritzaren jabetzako lokaletan ematen zen, eta Jaurlaritzak berak ordaintzen zituen gastuak, informatika-ekipoak eta aplikazioak, mantentze-lanak, etab.”.

Sailburuak gaineratu duenez, “gai horretan adituak diren instantzia askoren iritziz, kontratazio horretan Jaurlaritzaren beraren kontratazio-arau eta –irizpide ugari hausten dira. Arrazoi horrengatik ezinezkoa zaigu orain arte bezala jarraitzea, eta alferrik izango zen ildo horretatik ahaleginak egitea".

Heldu enpresan lan egiten zuten langileen etorkizunari dagokionez, sailburuak ondokoa ziurtatu du: "geure borondate osoa adierazi dugu bitartekaritza bat egiteko, ahal den neurrian pertsona horiek eskenatoki berrian kokatu daitezen, nahiz eta denok dakigun Estudios y Proyectos Jurídicos SL enpresako langileak direla. Gai horri buruz, Zabaletak jakinarazi du kontratuan badagoela klausula bat langileak ez subrogatzeko.

Trantsizioa

Azkenik, Enplegu sailburuak baieztatu du trantsizio-prozesu bati ekingo zaiola arreta emateko eredu berria ezartzeko, helburu nagusi batekin: “erabiltzaile bakar batek aldaketa-aldi horren eraginik ez nozitzea". Sailaren kalkuluen arabera, trantsizio-aldi horrek hiru hilabete inguru iraun lezake, datorren ikasturtearen hasieran eredu berria guztiz finkatuta egoteko moduan. Antolakuntza horretan kontuan izan dira kasu larrienak; horiek aldez aurretik hitzordua eskatuz hartuko dira, Gasteizen (Lakua), Bilbon (Henao kalea) eta Donostian (Larramendi kalea). Doako laguntza-telefono bat egongo da (900 84 01 26), erabiltzaileek trantsizio-aldian lehen eskuko informazioa izan dezaten. Horrez gain, kontsultak egiteko ondoko helbide elektronikora jo ahal izango da: immigrazioa-asesoria@ej-gv.es