ESPAINIA TRATU TXARREN ETA TOTURAREN AURREAN
Fecha: 2016-12-27
(iturria: CGAE)
Tortura kasuak ez ikertzeagatik Espainia kondenatu duten Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiak aztertu ditu Espainiako Abokatutza Fundazioaren txostenak
Espainia Tratu Txarren eta Torturaren Aurrean izeneko txostena egin du Espainiako Abokatutza Fundazioak eta, bertan, tortura kasuak ez ikertzeagatik Espainia kondenatu duten Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren (GEEA) sententziak aztertu ditu.
GEEA-k 9 zigor-epai eman ditu Giza Eskubideak eta Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren (GEEH) 3. artikulua bortxatzeagatik prozesu garaian, hau da, tortura eta tratu txarren salaketen ikerketa ofizial eskasiagatik. Terrorismo delituengatik atxilotu eta inkomunikatutako kasuekin lotuak daude horietariko 8; atxiloketarik gabeko poliziaren ustezko tratu txarrarekin, bat. Bere jurisprudentzian, halaber, Espainian inkomunikazio erregimenean atxilotutako pertsonen ahultasun egoera bereziak, kontraprestazio moduan, edozein polizia gehiegikeri ekiditeko sistema zorrotza exijitzen duela esan du.
Orohar, pertsona batek, arrazoituz, poliziaren eskutik edo alderagarriak diren Estatuko beste zerbitzu batzuen aldetik tratu txarrak jaso dituela esaten badu, ikerketa eraginkor ofiziala egin behar dela gogorarazi du GEEA-k. Giza eskubideen babeserako Europako eta Nazio Batuetako Kontseiluak, berariaz, Espainiari gomendioak eginez egindako adierazpenak gaineratu behar zaizkio horri guztiari.
Testuinguru honetan, aurten gomendioen bidetik egindako hiru sententzia izan dira Espainian eta, nolabait, GEEA-k egindako ikerketetan emandako argumentuak bere egin dituzte. Batetik, 2016ko ekainaren 14ko Auzitegi Gorenaren sententzia batek, lehenengo aldiz, Audientzia Nazionalaren zigor-epai bat bertan behera utzi zuen, Estanbulgo Protokoloari jarraiki adituek egindako froga sikologiko bat ez zutelako onartu. Bestetik, salatutako gertaeren gutxieneko ikerketa judizialik ez zela egon kontsideratuz, hurrenez hurren, 2016ko uztailaren 18an eta irailaren 19an emandako epaietan, Auzitegi Gorenak babesa eman zuen eta kasu bakoitzari lotutako Instrukzio Epaitegiek erabaki berri bat hartzeko jarduketak atzera egitea agindu zuen.
Azken erabaki hauen harira, justiziaren sisteman zerbait mugitzen hasi dela eta Espainian egindako ikerketen gabeziaren inguruan GEEAk duen tesiarekin Espainiako auzitegiak bat egiten hasi direla dirudi.
ABOKATUTZAREN AHALEGINA ETA INPLIKAZIOA
Torturek eta tratu txarrek ezin dute betirako ageriko sekretu izaten segitu. Oinarrizko eskubideak babestea dagokio justiziako administrazio orori eta, Espainiako Abokatutza Fundaziotik, aipatu ditugun gomendioak eta epaiak modu eraginkorrean betetzeko deia egiten dugu.
Txostenaren helburua eginkizun horiek erraztea eta, horretarako, Europako Kontseiluko parte diren Torturaren Prebentziorako Komiteak eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, Nazio Batuetako parte diren Torturaren aurkako Batzordeak eta Giza Eskubideen Batzordeak, Auzitegi Konstituzionalak eta Auzitegi Gorenak hartutako erabakien gaineko azterketa sistematikoa egitea da.
Abokatutzaren lana aspektu teoriko eta praktikoan bideratzeko helburuarekin diseinatutako eta 2014ko abenduan Espainiako Abokatutza Fundazioak argitaratutako Tortura, tratu txar, krudel eta iraingarriei aurre egiteko gidari gehitzen zaio txosten hau.