ICAGI

Turkia eta Europar Batasunaren arteko Hitzarmena aplikatzearen aurka Abokatutza

Fecha: 2017-03-22

(iturria: EAKN)


Europar Batasunak (EB) Turkiarekin hitzarmena sinatu eta urtebetera, kaltetutako milaka pertsonengan ezinegona eta babesgabetasuna eragin dituen hitzarmenaren erabat aurka dagoela gogoratu du Abokatutzak. “Lotsaren hitzarmenak” gaurko egunean indarrean jarraitzen du, nahiz eta bere inplementazioaren ondorioz eztabaida handiak sortu diren. Aipatu liskarrek bi aldeen arteko harremanetan izan dute eraginik. Halaber, hitzarmenaren inplementazioak jendarte zibileko antolakundeen eta nazioarteko erakundeen aldetik kritika ugari eragin ditu.
Hala ere, Europar Batasunak inplementazioarekin aurrera segitzea eta bertatik eratorritako ondorioekiko edozein erantzukizun ukatzea erabaki du. EB-Turkiaren arteko hitzarmena aplikatzearen ondorioz Turkiara itzultzeko arriskuan diren asiloa eskatutako hiru pertsonek egindako babes eskaerei erantzunez kaleratutako hiru autotan, EBko Auzitegi Nagusiak bere burua ezgaitzat jo du. Auzitegiak aipatu autoetan nabarmendu duenez,  EB-Turkia Adierazpena ez du Europako inongo Instituziok egin eta, beraz, bere legezkotasuna aztertzeko eskumenik berak ez du.
Auzitegiaren iritzian, eta Europako Kontseiluak emandako informazioa aintzat hartuz, 2015 eta 2016 urteetan Estatu Buruek beren Turkiako kidearekin izandako bilerek erakusten dutenez, Europar Batasunak ez du migrazio krisiari aurre egiteko negoziaziorik izan Turkiarekin, bertako kideek baizik, nahiz eta EB-Turkiaren arteko Adierazpena Kontseiluak berak zabaldu zuen 2016ko martxoaren 18an.
Migrazioetarako Nazioarteko Erakunde OIM-ren arabera, 2016ko martxoa eta abendua artean,  14.267 pertsona atzeman dira Turkiatik Grezia arteko bidea egiten. Hitzarmena aplikatu ostean, horietariko 800 Turkiaren esku utzi dira, gainerakoak Greziako irletan daudelarik, ez atzera eta ez aurrera. Amnistia Internazionalak gaineratu duenez, ordutik “milaka pertsona egoera  arriskutsuan, etsituta eta ortzi-mugarik gabeko egoeran daude Greziako irletan”. Halaber, Nazioarteko Eskubideak urratuz, asilo eskaerak eginak zituztenak ere Turkiara itzuliak izan direla salatu du.
Hitzarmenaren ondorioz Turkiatik barrena Europara sartzeko aukera moztu egin da. Migraziorako bide berriak sortu dira, ordea. 2016ko martxoaz geroztik, kontinente zaharrera asilo eta babes bila iritsi nahian dabiltzan pertsona ugarik Europara Afrikako Iparretik zeharkatzeko saiakera egin dute, ordu arte egiten zutena baino ibilbide arriskutsuagoa eginez. Nazioarteko Migrazioetarako Erakundeak emandako datuak beldurgarriak dira. 2016ko martxotik gaur arte, 5.623 lagun hil dira Mediterraneoan. 2015ean, berriz, 3.784 lagun hil ziren. Begi-bistakoa da, beraz, EB-Turkia Hitzarmenaren eta Mediterraneoan itotako migratzaile kopuruaren igoeraren artean dagoen harremana.
Europak nazioarteko bere mugetako polizia gisara Turkia darabil eta, horrek, ondorio larriak eragiten ditu eta ezin da ezinikusiarena egin. Horregatik, Europar Batasunak bere Hitzarmenaren 2. Artikuluan aipatzen dituen giza duintasuna, askatasuna, demokrazia, berdintasuna, Eskumenezko Estatua eta Giza Eskubideekiko errespetua errealitatea edo hitz hutsak baino ez diren galdetu behar dugu. 
EB-Turkia hitzarmenaren ondorioz, Europan babesa aurkitzea “ezinezko egitekoa” da ahulenentzako