COVID-19 larrialdiko laguntzak enpresa txiki eta ertainentzat. Lanbide: Autonomoentzako eta enpresaburu indibidualentzako laguntzak
Fecha: 2020-04-07
(iturria: EUSKO JAURLARITZA)
Gobernu Kontseiluak gaur ere onartu du enpresaburu indibidualei eta autonomoei ezohiko laguntzak emateko Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren programa berria. Programa horren bitartez hainbat gastu diruz lagunduko dira, adibidez, Gizarte Segurantzako kotizazioari eta alokairu-errentei lotutako gastuak; pertsona bakoitzeko gehienez 3.000 euro.
Guztira, Eusko Jaurlaritzak laguntza-bide berri honetara 3 milioi euro bideratuko ditu. Diru horren bitartez, Euskadin negozioak ixtera behartuak egon diren milaka pertsonen egoera arindu nahi da. Izan ere, COVID-19 hedatu izanak eragindako alarma-egoeraren ondorioz enpresaburu indibidualek eta autonomoek euren negozioak aldi baterako itxi beharrak eragindako galera ekonomiko zuzeneko egoerari aurre egin nahi zaio.
Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak:
- Langile Autonomoen Araubide Berezian edo, kasu bakoitzean, Gizarte Segurantzari edo derrigorrezko mutualitate profesionalei dagokienez, norberaren konturako langile gisa kotizazioa ordaindu beharrari lotutako kuotak. (Gastu hori ez da diruz lagundu ahal izango Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak edo beste administrazio publiko batzuek diruz lagundu dutenean).
- Eta negozio-lokalen errentamendua, baldin eta lokala familia-etxebizitza baten parte ez bada eta lokalaren alokatzailearekin odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailara arteko erlazioa ez badago, edo alokatzaile gisa diharduen pertsona fisikoaren edo juridikoaren bazkide edo partaide ez bada.
Laguntza-bide horretaz balia daitezke: (Baldin eta EAEn erroldatuak badaude, bizileku nagusia bertan badute eta enpresa-jarduera, sozialki eta fisikoki, Euskadin helbideratua badute, eta lantokia Euskadin bertan badute)
- Enpresaburu eta profesional indibidualak.
- Ondasun Erkidegoak eta Sozietate Zibilak osatzen dituzten bazkideak, baldin eta bakoitzak dirulaguntza norberaren izenean eskatzen badu.