ICAGI

Tratu txarrak direla eta, Gipuzkoan jarritako salaketak hamar aldiz ugaritu dira azken sei urtetan

Fecha: 2004-11-30

(iturria: eitb24.com)

Tratu txarrak direla eta, Gipuzkoan jarritako salaketak hamar aldiz ugaritu dira azken sei urtetan

Gipuzkoako fiskaltzak aurkeztu berri duen txostenean irakur daitekeen datua da.

Emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako delituengatik Gipuzkoan zabaldutako kasu eta salaketa kopurua nabarmen hazi da azken sei urteotan. 1998an zabaldu ziren 60 kasuetatik, iazko 711ra pasa dira. Biktimen %90 emakumezkoak dira.

Biktimak sentsibilizatuagoak daudela eta gizarte taldeen ahalegin handia aipatzen ditu Gipuzkoako Fiskaltzaren Memoriak salaketa kopuruaren hazkundea arrazoitzeko.

Hala ere, azpimarratu beharreko datu bat dago: iaz epaien %68 absoluzioak izan ziren, kasurik gehienetan emakumeak erasotzailea barkatu zuelako, edo beldurra, mehatxuak, edo mendekotasun ekonomikoa edo psikologikoak zirela eta, atzera egin zuelako. Horren harira, adituek beharrezkotzat jotzen dute biktimei ematen zaien babesa indartzea.

Fiskaltzaren txostenaren arabera, indarkeria kasuen erdia baino gehiago 31 eta 50 urte arteko emakumeen artean ematen dira.