ICAGI

Homosexualen arteko ezkontzak eta adopzioa baimentzen duen lege-proiektua onartu du Kongresuak

Fecha: 2005-04-22

(iturria: eitb24.com)

Senatuak berretsi beharko du orain egitasmoa eta ekainean onartuko dute behin betikoz; legea, baina, uztailean izango da indarrean. Gay eta lesbianen taldeek "historikotzat" jo zuten atzoko eguna.

Diputatuen Kongresuak Zigor Kodea aldatzeko lege-proiektua onartu zuen atzo eta, beraz, homosexualek ezkontzeko eskubidea eta adoptatzekoa aukera izango dute aurrerantzean.

Bozketan 183 aldeko boto izan ziren, 136 kontra eta 6 abstentzio. Alderdi

Popularrak eta Unio Demokratikok bakarrik egin zuten aurka, homosexualen arteko ezkontzak arau bereziak behar dituela eta umeak adoptatzeko eskubidea ukatu behar zaiela uste baitute. CiUk eta EAJk, bestalde, askatasuna eman zieten euren kideei; jeltzaleen kasuan, bat zetozen eskubideak parekatzeko beharrarekin baina ezkontza hitza ez erabiltzearen aldeko agertu ziren hainbat diputatu.

Berri hau albiste nagusia da gaurko egunkari gehienetako lehen orrialdeetan eta zenbait egunkarik editorialean ere jorratu dute.

Senatuak berretsi beharko du orain egitasmoa, ondoren Kongresura itzuli eta ekainean onartuko dute behin betikoz. Uztailean jarriko da indarrean.

Europako hirugarrena

Holanda eta Belgikaren atzetik, Espainiako Estatua izango da Europan bikote homosexualen ezkontza baimenduko duen hirugarren estatua. Munduan, Massachussets estatuak bakarrik du pareko legea.

"Ezkontzak betebehar eta ondorio berberak izango ditu, ezkontideak sexu desberdinekoak izan zein ez". Esaldi hau gehituko zaio Zigor Kodeko 44. artikuluari eta horri esker, gay eta lesbiana bikoteak ezkondu ahal izango dira. Horrez gain, beste 16 artikulutan termino batzuk aldatuko dira, senar edo emazte dagoen tokian ezkontide jarriko da, eta aita edo ama azaltzen denean, guraso, adibidez.

Aldaketa hauekin bikote homosexualek heterosexualen eskubide eta betebehar berberak izango dituzte: hiritartasuna, herentziak, gaixotasun bajak, pentsioak edo adopzioak, esaterako.

Izatezko bikote homosexualek ez bezala, ezkontzen diren bikote homosexualek haurrak adoptatu ahal izango dituzte, bikote bezala. Orain arte, kasu hauetan bikotearen kide batek bakarka adoptatzen zituen.

Dibortzioaren lege-proiektua

Bestalde, Kongresuaren Osoko Bilkurak dibortzio prozesua azkartzen duen lege-proiektuaren txostena ere onartu zuen atzo. Orain, gurasoek bat etorri beharko dute zaintza partekatuari dagokionez, eta, akordiorik ezean, erabakia epaileak hartuko du. Horretarako, erabaki horren aldeko bi txosten aurkeztu beharko dituzte; Ministerio Fiskalak bat eta epaileak bestea. Bertan, umearen interesak babesteko erabakirik onena dela azalduko dute.