Kongresuak erreferendum ilegalak deitzea zigortzen duen legea baliogabetzea onartu du
Fecha: 2005-04-22
(iturria: eitb24.com)
Alderdi Popularrak ez beste talde parlamentarioek erreformaren alde bozkatu zuten. Bertan behera utzitako legearen arabera, erreferendumak eskumena izan gabe deitzen dituen agintariari 3 eta 5 urte bitarteko espetxe-zigorra ezarri eta gaitasunik gabe utziko zaio.
Aznarren agintaldian legearen kontrako erreferendumak deitzen zituzten gobernuak zigortzeko onartu zen legea erreformatzea onartu zuen atzo Kongresuko Osoko Bilkurak, Alderdi Popularrak ez beste taldeek alde bozkatuta.
Halaber, popularrek aurkeztutako zazpi helegiteak ere baztertu zituzten taldeek eta beraz, errreformak Senaturako bidea egingo du eta han onartuta, indarrean jarriko da.
Jose Maria Aznarren gobernuak 2003ko amaieran onartu zuen legearen arabera, legez kontrako erreferendumak deitu eta hauteskundeei begira ebazpen judizialak betetzen ez dituzten gobernuei kartzela-zigorra ezarri ahal zaie.
Bi artikulu ditu soilik legeak: 506 artikuluaren arabera, eskumenik gabe erreferendumak deitzen dituen agintariari 3 eta 5 urte bitarteko espetxe-zigorra ezarri eta gaitasunik gabe utziko zaio. 521 artikuluak dionez, berriz, desegin edo bertan behera utzitako alderdiei ondasunak, diru-laguntzak, edo laguntza publikoak eskaintzen dizkion agintari edo funtzionarioari espetxe-zigorra ezarriko zaio.
Erreakzioak
Begoña Lasagabaster talde mistoko bozeramailearen esanetan, ezinezkoa da "desadostasun politikoek" zigorra jasotzea eta euskal herritarrek etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea defendatu zuen. Ildo horretatik hitz egin zuen Margarita Uria EAJk Kongresuan duen bozeramaileak, Uriak "izugarrikeri politikotzat" jo zuen erreferendum ilegalak deitzea delitutzat jotzea eta Ganberako taldeei zorionak eman zizkien.
Ignacio Astarloa Alderdi Popularreko eledunak, berriz, legearen alde egin zuen; argudiatu zuenez, Zuzenbide Estatuari ezin zaizkio defentsa-tresnak kendu "bi desafio baitaude mahaia gainean: Estatutik bereiztea modu ilegalean erabakitzeko erreferenduma deitzen duenarena eta terrorismoa ekonomikoki lagundu nahi dutenena".
Alvaro Cuesta PSOEko ordezkariak Astarloari erantzun zionez, "Zuzenbide Estatuaren babesa ez dago kolokan". Gaspar Llamazares IUko buruzagiak nabarmendu zuenez, azkenik, Alderdi Popularraren legeak "salbuespen egoerara garamatza" eta "desadostasun politikoak Zigor Kodea erabilita konpontzea zentzugabekeria galanta da".