Bullying: 11 eta 12 urte arteko ikasleen artean ia %6k tratu txarrak jasan dituzte ikaskideen aldetik
Fecha: 2005-05-24
(iturria: eitb25.com)
Hezkuntza Sailak 50 espediente ditu zabalik erasoak ikertzeko.
Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleen artean ia %6k tratu txar fisiko edo psikologikoak jasan dituzte ikaskideen aldetik, Hezkuntza Sailak egindako ikerketaren arabera. 11 eta 12 urte bitarteko neska-mutilak dira eta bullyinga jasan duten horietako zortzitik batek ez dio inori gertatutakoaren berri eman.
Uste baino zifra handiagoak aurkitu ditu Hezkuntza Sailak ikerketa honetan. 11 eta 12 urte bitarteko ikasleen artean %5,8k galdeketa egin baino astebete lehenago tratu txar fisiko edo psikologikoren bat jasan dute, datu hori 12 eta 16 urte bitarteko gazteen artean jasotako datua baino altuagoa da, bi puntu pasatxo altuagoa, hain zuzen ere.
Seigarren mailan izan dira zifrarik handienak, 6tik gorakoak, ondoren, DBHko lehen urtekoak daude %,5,51rekin eta hortik aurrera bullyinga asko murrizten da. Oro har, adin horietan guztietan tratu txar fisikoa baino gehiago psikologikoa izaten da.
Lehen Hezkuntzan erasotzaileak mutilak dira gehienbat, gelako mutilak, gainera, eta tratu txarrak jolastokian ematen dituzte.
Erasoak pairatzen dituztenetako askok ez diote inori kontatzen
Bullyinga jasan duten 11 eta 12 urteko neska mutilei gertatutakoa nori kontatu dioten galdetzerakoan, ondokoak dira erantzunen datuak: familiari, %60k, lagunei ia %47k, baina %14 baino gehiagok inori ez diola kontatu diote.
Antzeko datua izan zen DBHko galdeketan eta tratu txarrak jasotzen dituzten ikasle asko bakarrik daudela azpimarratu du Anjeles Iztueta sailburuak; horri konponbidea jartzea gizarte osoaren ardura dela ekarri du gogora.
Bestetik, erasoen aurrean norbaitek zerbait egiten duen galdetuta, erantzun zabalena lagunek jaso dute ia %60; gurasoen laguntza izan dutela %34,5k erantzun dute, beste neska-mutilen batek laguntzen dituztela %23k eta irakasleen laguntza %21k jaso dute, erantzun horien arabera.
Guzti honi lotuta hezkuntzaren ikuskaritzan 50 espediente daude abian eraso kasuei lotuta eta Jokin Zeberioren heriotzaz geroztik, hezkuntza mundua erne dagoela eta kasu gehiago ikertzen direla esan du Iztuetak.