ICAGI

Ganberan hizkuntza koofizialak erabiltzea baimenduko du gaur Senatuak

Fecha: 2005-06-29

(iturria: eitb24.com)

Neurria ez zaie nahikoa iruditu EAJri eta gainerako talde nazionalistei, baina araudiaren erreformaren alde egingo dute, -aurrerapausotzat- jo baitute.

Senatuak Osoko Bilkuran onartuko du gaur ganberan hizkuntza koofizialak (euskara, galegoa eta katalana) erabiltzea baimentzen duen araudiaren erreforma. Neurria irailaren 1etik aurrera izango da indarrean eta hala, ganberako zenbait saiotan hiru hizkuntzok erabili ahalko dira.

Osoko Bilkurak aho batez onartu zuen atzo erreformarako proposamena (popularrek, sozialistek, katalanek, Coalicion Canariak eta Talde Mistoak aurkeztutakoa). CiU, EAJ eta BNG alderdiek, baina, zazpi osoko zuzenketa aurkeztu zituzten atzo Senatuaren Araudiaren Batzordeak errefusatu egin ditu. Kontrol-saioetan senatariek nahi duten hizkuntza koofizialean galdetzeko aukera izatea eskatu dute zuzenketotan hiru taldeek.

Horrez gain, taldeek eta senatariek Ganberari zuzendutako idatzietan, egindako agerraldietan eta Senatuaren webgunean eta ganberako kideentzat egindako oharretan ere euskara, galegoa edo katalana erabiltzeko aukera izatea galdegin dute. Bestalde, erantzunak ere aukeratutako hizkuntza horretan egitea eskatu dute EAJk, CiUk eta BNGk.

Hiru taldeok aipatu zuzenketak erabiliko dituzte gaur arratsaldean izango den eztabaidan. Nazionalisten aburuz erreforma ez da nahikoa baina babesa emango diote, "aurrerapausoa" irizten diotelako.