Justiziabat aplikazio informatikoak akzesit bat lortu du Computing España aldizkariaren sariketan
Fecha: 2005-10-28
(iturria: eitb24.com)
EAEko epaitegietako eta Justizia Administrazioarekin zerikusia duten zerbitzu judizial eta profesionaletako espedienteak kudeatzeko osoko tresna da Justiziabat.
Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak sortutako Justiziabat aplikazioak akzesit bat jaso du "Erakundeen proiektu teknologiko onenari", Computing España aldizkariak urtero ematen dituen sarien barruan.
Aplikazio horren izena Justiziabat da, epaitegietako eta Justizia Administrazioarekin zerikusia duten zerbitzu judizial eta profesionaletako espedienteak kudeatzeko osoko tresna delako.
Euskadiko epaitegietan ezartzen hasia da, Justizia Administrazioa modernizatzeko bidean aurrerapauso bat emanez. Hori abian jarriz, informazioaren gizartea indartu egiten da Justizia Administrazioaren zerbitzu publikoan, eta bidea irekita uzten da espediente digitala eta komunikazio elektronikoak ezartzeko, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailetik adierazi dutenez.
Sari gehiago
Hala ere, hau ez da Justizia Sailaren proiektu bat saritzen den lehen aldia. Besteak beste, Justizianet, Justizia Administrazioaren web-orria, gai judizialei buruzko webgune hoberentzat jo zuten Gironako Unibertsitateak eta Demokraziarako Epaileak elkarteak.
Horrez gain, finalista izan zen Erakundeetako Web Onenaren sarirako, Correo Digitalaren III. sariketan, eta han bereziki goraipatu ziren eduki praktikoen sorta zabala, gardentasuna eta justizia herritarrei gerturatu izana.
Halaber, eskuragarritasuneko A maila lortu du, World Wide Web Consortium (gai horretan munduan dagoen erakunde garrantzitsuena) izenekoaren eskutik.
Inmaculada de Miguel Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako zuzendariaren iritziz, "sari horrekin bultzada bat ematen zaio justizian teknologia berriak erabiltzeko Justizia Saila egiten ari den lanari.
Lan horren xedea espediente judizialak arintzea eta justiziaren zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzea da, informazioa herritarren eskura jarriz, ingurune teknologiko berritzaile eta elebidun baten barruan".