ICAGI

Sozietateen gaineko zerga: Zerga-tasa %32,6n ezarri dute hiru foru aldundiek

Fecha: 2005-12-30

(iturria: eitb24.com)

Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako foru aldundiek adostasuna lortu dute gaur Sozietateen gaineko Zergaren inguruan eta hiru lurraldetan tasa bera ezartzea erabaki dute: %32,6.

Foru aldundiko arduradunek jakinarazi dutenez, gaur bertan lortu dute akordioa hainbat bilera antzuren ondoren. Negoziazio luze eta aldrebesa izan da Sozietateen gaineko Zergaren ingurukoa, hiru aldundiak ez baitziren ezarri beharreko zerga-tasa komunean ados jartzen.

Orain hilabete Bizkaiak eta Gipuzkoak proposatutako tasa (%32,5) baino hamarren bat handiagoa da gaur adostutakoa. Orduko hartan, proposamen horren kontra azaldu zen Araba, hain tasa txikia \"auzitegientzat probokazioa\" zela argudiatuta eta zergak %33 baino handiagoa behar zuela esan zuen. Nolanahi ere, armonizazioaren alde egiten dute azkenean hiru ogasunek.

Hiru aldundien buruhaustea auzitegiek ordura arte indarrean zegoen zerga-tasa (%32,5) baliogabetu ondoren hasi zen.

Sozietateen gaineko Zerga berria indarrean izateko lurralde bakoitzeko Aldizkari Ofizialean agertu beharko da abenduaren 31 baino lehen. Hori horrela, hiru aldundiek gobernu bilera egingo dute bihar akordioa izenpetzeko eta euren arau fiskaletan sartzeko.