ICAGI

Lehergailu banak kalteak eragin dituzte Zuiako postetxean eta Balmasedako epaitegian

Fecha: 2006-01-26

(iturria: eitb24.com)

Hiru kilo lehergaiz osatuta zeuden

Leherketetan ez da inor zauritu. Aurrez ez dute horien berririk eman.

Bi lehergailuk eztanda egin dute bart gauerdia eta goizeko zazpiak bitartean Zuiako (Araba) postetxean eta Balmasedako (Bizkaia) epaitegian. Bonbak hiruna kilo lehergaiz osatuta zeuden; ez dute inor zauritu, baina kalte materialak izan dira, Herrizaingo Sailaren arabera.

Lehenbiziko erasoa Zuian gertatutakoa izan da. Lehergailu honek 00:00ak aldera egin du eztanda, Correosek Murgia auzoko Domingo Satu kalean duen bulegoaren ondoan.

Leherketak kalte materialak eragin ditu atean eta leihoetan. Gainera, bulegoaren alboan dagoen etxebizitza batean ere kalteak izan dira. Leherketa izan denean pertsona bat zegoen etxebizitza horretan baina ez du minik jasan; hala ere, etxetik atera eta hotel batera eraman dute.

07:15ean, berriz, beste eztanda bat izan da Balmasedako epaitegiaren ondoan. Ordu erdi lehenago, Ertzaintzaren patruila batek poltsa susmagarri bat aurkitu du eraikinaren ondoan. Badaezpada, ingurua hesitu dute agenteek.

Erasoak izan baino lehen ez da horien abisurik jaso, baina Balmasedan "Bonba arriskua. ETA" testua zuen ohar bat aurkitu dute ertzainek lehergailua zuen poltsan.