Urtean 4.000 istripu gertatzen dira EAEn -in itinere-
Fecha: 2006-05-05
(iturria: EUSKO JAURLARITZAREN IKERKETA - www.eitb24.com)
Gidariaren distrazioa edota abiadura ezegokian gidatzea dira lanerako bidean edota lanetik bueltan gertatzen diren ezbeharren arrazoi nagusiak.
Urtean 4.000 lan istripu gertatzen dira in itinere Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak egin berri duen ikerketa baten arabera. Txostenak jasotzen duenez, bi dira lanerako bidean edota lanetik bueltan gertatzen diren ezbeharren arrazoi nagusiak: gidariaren distrazioa eta gehiegizko abiadura.
Ikerketaren arabera, errepidean autoen joan etorri handiena dagoen orduetan gertatzen dira istripu gehienak. Halaber, nekatuta daudelako edota lantokira iristeko presa dutelako, gidariaren baldintza psikikoak eta fisikoak behar bezalakoak ez direnean ere ezbehar asko gertatzen dira. Kasu horietan, "giza akatsei" egozten dio istripuen ardura ikerketak.
Ikerketaren arduradunek ondorioztatu dute "langileek ondo ezagutzen duten ibilbide batean gidatzen ari direnean lasaiegi" gidatzen dutela eta horrek distrazioa sor dezakeela. Bestalde, ordutegi zehatzek "abiadura azkarregian" gidatzea ekar omen dezakete.
Ikerketaren arabera, beraz, distrazioa eta abiadura azkarregian gidatzea "giza akatsak" dira eta langileen "ardura" dira ezbeharrak, eta ez enpresaburuenak. Azken horiei, hori bai, lan arriskuen azterketa egiterakoan, langileek errepidean izaten dituzten istripuak ere kontuan hartzeko deia egiten die Jaurlaritzak.
Bestalde, EAEn urtean gertatzen diren auto istripuen %14 lanerako bidean edo lanetik bueltan doazen langileek izaten dituzte. Azken urteotan Gipuzkoan eta Bizkaian gutxitu egin omen dira in intinere gertatutako istripuak eta beheranzko joerari eusten omen diote. Araban, aldiz, igor egin dira langileek errepidean izan dituzten ezbeharrak. 1993tik 2004ra bitartean gertatuko istripuak kontuan hartuta atera dituzte ondorio horiek guztiak.
1993tik erdia baino gehiago (%59) jaitsi da lanerako bidean edota lanetik bueltan hildako langileen kopurua, baita larri zauritakoen zenbatekoa ere (%69). Aldiz, arin zauritutakoak gehiago izan dira, % 68 hazi da kopurua.
2004an 13 pertsona hil ziren in itinere, 50 larri zauritu ziren eta 662 arin. Ezbehar mota hori izaten dituzten pertsonen profila, berriz, honakoa da: auto propioa gidatzen duen 25 eta 44 urte arteko gizonezkoa.