BAKE-PROZESUA, ABIAN: ETArekin hitz egiten hasiko direla iragarri du Zapaterok
Fecha: 2006-06-29
(iturria: eitb24.com)
Demokraziak ez du prezio politikorik ordainduko bakea lortzeko', adierazi du Zapaterok komunikabideen aurrean egin duen agerraldian. Halaber, Alderdien Legea indarrean dagoela gogoratu du.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak Kongresuko Konstituzioen Aretoan egindako agerraldian iragarri duenez, ETArekin hitz egiten hasiko da buru duen Gobernua.
Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak Kongresuko talde guztietako ordezkariekin egindako bilera-sortaren ondotik egin du prentsaurrekoa Zapaterok, hemiziklotik kanpo.
Gobernuburuak agertu duenez, "demokraziak ez du bakearen truk, inongo prezio politikorik ordainduko". Era berean, Alderdien Legeak indarrean jarraituko duela berretsi du.
Ikusmin handiko agerraldia
Gaurkoa zuen Zapaterok Kongresuan agerraldia egin eta ETArekin hitz egiten hasiko direla iragartzeko azken eguna. Izan ere, ekaina amaitu aurretik talde parlamentarioei iragarriko ziela esan zuen Espainiako gobernuburuak eta hitza bete du.
Atzo, Kongresuko korridoreetan egindako adierazpenetan, lasaitasuna eskatu zuen Madrilgo gobernuburuak. Ikuskizun handia zegoen azken egunetan, eta agerraldia atzeratzeko aukera ere aipatu dute batzuek. Zapaterok, baina, aurreko asteetan ekainean iragarriko zuela adierazi zuen, eta gaurko eguna aukeratu du erakunde armatuarekin harremanetan hasiko direla esateko.
Aurretik, Alfredo Perez Rubalkaba Barne ministroa talde parlamentarioetako ordezkariekin bildu da gaur goizean. Aurrena Zaplana PPko ordezkariarekin izan da, eta hain justu berak eman du albistea.
Iragarpenaren berri emateko, komunikabideen aurrean adierazpen instituzionala egitea erabaki du Zapaterok.